Hau izango da gure hurrengo ikuskizuna.

 

‘LU ETA LE’ Bernardo Atxaga-k ex professo eta Donostia 2016 “Bakearen Itsasargia” programaren barruan enkarguz idatziriko antzezlana da.
Antzezlan honetan Atxaga-k Xabier Lete eta Lourdes Iriondo-ren munduen ikuspuntu pertsonal bat planteatzen du. Testua, lengoaia dramatiko ez konbentzional batez, bi protagonisten figuraren inguruan osaturiko eszena eta eszena zatirekin osaturiko kaleidoskopioa da, Juan Carlos Pérez-ek sorturiko jatorriko partiturarekin osatua.
Sortzaile hauek biek, Garbi Losada-rekin batera, egitura dramatiko eta musikal abstraktua planteatzen dute, ohizko planteamenduetatik haratago doana, forma eta testuaren biluztasunaren bila beti ere.

SINOPSIA:

Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE) ‘Ez dok amairu’ kolektiboaren parte izan ziren, 1966 eta 1972 urte bitartean, euskal kultura berreskuratu eta berritu nahian jaiotako mugimendu kultural abangoardista.
LU berebiziko emakumea izan zen, abeslaria, idazlea, “Euskal Herriaren nobia” izendatu zuen Gabriel Aresti-k. LE-k, kantautorea izateaz gain,  obra poetiko nabarmena erein zuen 2008 urteko Kritika Saria jasotzeraino.
Baina, aldi berean, heriotzarekin lotura handia izan zuten biek bizitza osoan zehar. 1985 urtean LE-ri  tratamendu eta sendabiderik ez zuen digestio aparatuari eragiten zion sindrome genetiko bat azaldu zitzaion. LU-k ere hemezortzi urtetatik, balbula aldatzeko hainbat operazio izatera behartu zuen bihotzeko gaitza zuen, estenosi mitrala.
‘Lu eta Le’, umore kutsu sotilaz, bi protagonistak seduzitu nahian baina eurak gogor eutsiko dioten  Herioarekiko  harremanaz mintzo da. Baina egun batean Herioak halabeharrez jaso egingo ditu.