Ados Teatroa konpainiak ‘Lagun beltz asko» izeneko obra estreinatuko du Muxikebarrin. Antzezlanaren taularatzea, Getxo Eszena arte eszenikoen programazioaren barruan sartuta dago eta gaur, urriak 20, 19:30etan izango da lan honen euskarazko bertsioaren lehenengo emanaldia. Gaztelerazko «MUCHOS AMIGOS NEGROS» bertsioa ere jardunaldi hauetan emango da ezagutzera, urriaren 21ean, 19:30etan.

(Beltz) gizatasunez sortutako komedia (beltza) da hau, gizakiaren miseriak (beltzak) nabarmentzen dituena. Publiko zabal eta orotariko bati zuzendutako komedia da hau. Dramaturgia freskoa, barre-algarak eta emozioak sortzen dituena, eta biraketa-puntu harrigarriak dituena. Ongi definitutako pertsonaiak dauzka, ezagunak egingo zaizkigunak, gizatiarrak.

Ixtear doan taberna batean gertatzen da istorioa. Barruan, jabea eta bere lagunik onena azken tragoa hartzen. Lagun minak dirudite, baina biek ezkutatzen dituzte sekretuak eta traizioak. Bat-batean, galduta dabilen migratzaile batek atea jo eta mugikorra kargatzen uzteko eskatzen die, bere alabari deitzeko, Londresa. Mugikorrik gabe ezin da berarekin komunikatu, ezta bere bidaiarekin jarraitu ere.

Gau luze baten hasiera da hau; urrutitik datorren eta elkar ezin ulertu ezin dioten pertsona horri laguntzeko «hemengoen» nahia eta aldi berean, tabernako «anfitrioien» ezkutuko sekretuak nahi gabe azaleratzen dituen «atzerritar» baten istorioa.

Gauaren amaieran, poliziari kontatuko dioten bertsioa klasiko bat da: migratzaileak ez zuen agiririk, oldarrez sartu zen, eraso eta lapurtu nahi zien. Mesede bat besterik ez zioten egin nahi, mesede bat edonori egiten zaiolako. Agian arazoa da ez zitzaiola ezertxo ere ulertzen. Bestela, han ez zen ezer gertatuko.

Oholtza gainean, eskarmentu handiko hiru aktore: Ramón Ibarra, Asier Hormaza eta Asier Sota, bakoitza borobil-borobila bere paperean.